Arrano beltzak hegan dirau 
Kepa Alberdi Egaña  
Dela urte asko bazen Europan Nafarroa izeneko erresuma bat, bere muga, aduana, 
bandera, txanpon eta hizkuntza propioekin. Europako lehen Estatu modernoa izan 
zen eta zuzenbide pirenaikoan oinarritutako instituzioak ondo garatuak zituen, 
bere enbaxadoreak ere Europako gorteetan bananduak zituelarik. Baskoiek lehenik 
Iruñeko erreinua eratu zuten 824. urtean, beste herri batzuetatik zetozen presio 
eta indarkeria etengabeek bultzatuta. Ondoren lurralde horrek Nafar Estatuari 
bide emango zion. Erreinu bezala egitaratutako Estatu honetan, garaiko besteak 
bezala, baskoiak libreak ziren eta herri bezala elkartuta iraun zuten, 
historiako aldi desberdinetan armen indarrez hartu eta menderatuak izan ziren 
arte, beren nortasun garapen askea deuseztatuz. Nafarroak bere burujabetasuna 
izan zuen mendetan zehar, eta garai haietarako herri aurreratua zen, erregeak 
zuen boterea bera ere herriak bermatzen zuelarik. Gogoratu dezagun Obanosko 
Infantzoiek zuten lema: «Pro libertate patriae gens libera state» (Libreak izan 
zaitezte aberria librea izan dadin ). Gaztela agertu baino askoz lehenago 
Nafarroa Estatu independente eta askea zen eta lehenak eraso zuenean hemen ez 
zegoen tradizio militarrik, herri baketsua zen eta bakarrik kanpotik eraso 
eginez gero altxatzen zen armekin bere lurraldea eta herritarrak defendatzeko. 
Nafarroak hasieratik jasan izan zuen bere mugaz bestaldetik zeuden bi potentzi 
handien erasoa, lur, bide eta portu lapurretak pairatuz beste hainbat 
gehiegikerien artean. Horrela 1054an Gaztelarrek, gaur egun Errioxako 
probintziaz ezagutzen den eta orduan Nafarroako estatuaren administraziopean 
zegoen lur eremua indarrez bereganatu zuten. Handik mende eta erdira, 1200ean, 
egun Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia izenekin ezagutzen ditugun lur eremuak 
menderatu zituzten. Ondoren, egun Nafarroa izenarekin ezagutzen dugun lur 
zailaren konkista bortitza etorriko zen, 1512. urtean. Eta azkenik, Luis XIII.ak 
iparraldeko isurialdea Frantziako Koroari lotu zion, nafarrek onartu gabeko 
ediktu baten bitartez. Gaztelako Koroak, bere pentsaera espantsionistarekin 
erlijioa indarka inposatuz, kulturak suntsituz eta milioika indigena erailez 
Ameriketako genozidioa gauzatu zuen berak, Nafarroaren aurka eraso zuen, beti 
ere Elizaren eta Aitasantutzaren babesarekin. Asko idatzi izan da inbasioaren 
ondorioaz: torturak, erbesteratzeak, hilketak, ondasunen konfiskazioak, 
gazteluen suntsiketak, eta aldi berean Inkisizioaren ezarpena. Inkisizioa, 
Nafarroako polizia politikoa izan zen eta inposatutako botere berriaren aurka 
altxatzen zen edonor zuen jomugan. Gizarte osoa izututa zeukan instituzio hura, 
erlijioari begira baino gehiago, inposatutako egoera politikoari beldurraren eta 
herritarren arteko salaketa bitartez eusteko antolatu zen. Hau guztia nahikoa ez 
eta orain herri oso bat birrindu zuten ondorengoak sarraski hura ospatzera 
etorri dira. Dela egun batzuk, Nafarroako Gobernuak gonbidatuta, Felipe eta 
Letizia Asturiasko eta Vianako printze-printzesak Leireko Monasterioan egon dira 
“Vianako Printzea” Saria eman eta Nafarroako errege-erreginei omenaldia egiteko. 
Antzerki honekin, Nafarroa, Espainia Bat eta Handiaren beste probintzi bat 
besterik ez dela adierazi nahi dute, Gaztelarrek Albako dukearen tropekin 
Nafarroa subiranoa konkistatu zutela 500 urte betetzear daudenean. Hau guztiaren 
adierazle, hor printze espainiarrak Leiren jaurti duena, «hace ahora 500 años 
Navarra continuó el destino hispánico que simpre estuvo desde antiguo». Lotsarik 
ez du Borboiak, dela 500 urte euskal erresuma independentea izan zena Gaztelako 
Koroak edo Erregetzak garaiko legeen kontra indarrez bereganatu zuela oroitu 
beharrean historia desitxuratu eta manipulatuz, nafarren borondatezko bat 
egitearena zabaltzen duenean. Urtebetetze honi efemeride folkloriko baten itxura 
ematea besterik ez dute nahi, eta bitartean mendetan zehar ondo planifikatua 
duten asimilazio prozesua bultzatzen dute. Nafarroak ez du hauentzat berezko 
historiarik eta zatituta eta bananduta nahi dute beste euskal herrialdeetatik. 
Horretan dabiltza buru-belarri, batik bat azken hamarkadetan, eta ez dute 
atsedenik hartuko handik eta euskal nortasunaren aztarna eta zantzu guztiak 
suntsitu eta ezereztu arte. Muga berrien desegokitasuna azpimarratzen dute, 
unibertsaltasuna eta aniztasuna bezalako hitz ponposoekin ahoak betez, 
erretorika faltsuak tarteko, beren ahalegin bakarra konkista eta 
hankaperatzearen bitartez lortutako mugak finkatu eta kontsolidatzea denean. 
Atari zakurrak, behin eta berriro, beste alde batera begiratuz, entzungor 
eginez, agerikoa ukatu nahian ari dira, pasarte ilunak ospakizun bihurtu nahian. 
Eta errealitatea oso bestelakoa da oraindik badiren arren dena irensten dutenak. 
Historia idazteko bertsio ofizialetatik hartutako datuetan bakarrik oinarritzeak 
egiari bizkar ematera garamatza, gure kondaira azpi-mintzoz desitxuratzera. 
Historiaren pasarterik basatiena saihestu nahi dute, berauen tresneria bikaina 
erabiliz gertakari haiek makilatzeko. Horrekin bat datoz Beotibar eta San 
Martzial bezalako batailak goresteak edo handiesteak, garaiko agintarien 
komenentzian asmatutako legenda moldatuak izanik, beraiei dagozkien sinbologia 
eta ideologia elikatzeko. Sarriren gogoetak ondo dioen bezala «diktadura ororen 
lehen pausua memoria historikoa ezabatzea da», eta guk, ezkutatu nahi diguten 
historia ezagutzeko eskubidea dugu. Alferrik ari zarete, mendez mende herriari 
bere memoria historikoa lapurtzen ahalegindu arren, akulturazioa sustatu eta 
manipulatutako historia ofiziala aldarrikatu eta inposatu arren, euskaldunok 
libreak izan ginen Nafarroako erresuma independentearen barruan eta geure Estatu 
propioa izan genuen Gaztelak eta gero Espainiak indarrez gure subiranotasuna 
deuseztatu badute ere. Geroztik zauri ugari eta mina nonahi, hona hauts haien 
gaurko errautsak. Isildu nahi dituzten ahotsak gara eta, jakin badakigu, 
oroimenaren konkista tarteko, gezurrezko errealitate baten bizi garela eta 
aspalditik nahi dutela herri zahar honen agoni kanpaia entzun. Hormarik gabe 
utzi ziguten etxea, baina historiak erakusten du inoiz ez garela izan 
asimilazioa bereganatu duen herri bat, etsi duen herri bat. Eta herriak herri 
izatea nahi badu nortasunari helduz denboran irautea da garrantzitsuena. Herri 
honek zauri zaharrak ditu, mendez mende ereindako sufrimenduaren testigu, baina 
zuhaitz eder eta sustrai sendokoak ditu, ukazioaren garaietan bizi bagara ere. 
Bat bateko librakuntzaz ezin da sinetsi baina zapaldu orok amesten du herri 
honek bere bidea badaukala. Guk geure lekua nahi dugu beste herrien artean, 
herri gisa bizi, hesiak hesi, euskaldunak izatearen errugabetasuna adierazi, 
arnasa hartzen jarraituko badugu. Orain aro berria dator eta aukera berria dugu 
abertzale guztiok elkarrekin gure Estatu Nafarra, Euskal Herria, aldarrikatzeko. 
Urtzi Urrutikoetxeak zioen moduan, beharrezkoa denean batzeko gai den herriak 
baino ez du irabazten.
