2014/02/06

Estatus barria: Independentzia

Estatus barria: Independentzia  
Asier Ezpeleta Jauregi, Arratia-Nabarra


"Estatus berria-erabakitzeko eskubidea" irakurri barri dot egunkarietako argazki baten ageri zan pankarta baten. Eta ezin ulertuan nabil oraindino herri gisa urteetan defendatu dogunaren diluzinoa; askatasun mailaren jaitsierea.

Herri honek, iraun gura badau, hizkuntza eta kultura indartu, zainketa berezietatik atera, beste estatus bat behar dau, jakina.

Estatus horreri independentzia deitu izan jako abertzaleen artean nire oroimena iristen dan garaietatik, eta baita askoz lehenagotik be. Lehen, independentzia eguneroko berbea zan, hitzetik hortzera gerabilena. "Garai barrietan", estatus barria berbak ordezkatu dabe independentzia. Zergaitik ez deutsagu herri honen helburu nagusia behar leukeanari bere izenez deitzean? Edo helburua aldatu egin da independentzia momentuz alde batera itxiz?

Herri honek aske izan gura dau bere herri izakereagaitik; Independentzia gura eta behar dau. Horra hor ebazteko eskubidea gauzatua. Orain artean, baina, ez dogu asmatu behar hori gauzatzen, ez gara bihurtu subjektu politiko. Gauzatze hori autodeterminazinoa da; gure kasuan, Independentzia, herri bat garalako.

Ez daukagu askatasunik, ez demokraziarik, ez marko demokratikorik izango independentzia lortzean ez badogu, demokrazia herri honentzat (edozeinentzat legez) independentziagaz hasiko da eta.

Independentziarako bide hau ezin da egin estaduak emondako erakundeetan (hareen osotasuna bermatzeko eginak dagoz eta) edo gure herria ukatzen dabenakaz batera. Independentziaren bidean indarrak batu eta aurrera egin behar dogu, helburu nagusia argi izanda. Herri honek badauka indarra eta arnasa nahikoa horretarako.