Donostiak, mila urte
Beñi Agirre
http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-03-06-06-00/hemeroteca_articles/donostiak-mila-urte
Orain dela 1.000 urte,
1014an hain zuzen ere, Antso III.a Nagusia Iruñeko errege baskoiak egindako
dohaintza batean Donostiako itsasbazterreko monasterio baten izena aipatzen da,
oraingo Antigua auzoko Loretopeko inguruan: «in finibus Ernani ad litus maris
Monasterium unum, quod dicitur Sancti Sebastian...».
Alegia, «Hernaniko
mugetan, itsasoaren ondoan, San Sebastian esaten zaion Monasterioa eta bere
lurraldea» aipatzen da Leireko monasterio beneditarrari -orduan euskaldunari-
ematen zaion lurren gaineko hamarren zergan, «lurrekin, sagastiekin, itsas
arrantza tokiekin, mendi, lepo, bailara, zelai, zerga, larre, hamarren
abantaila, eskaintza eta edozein ondare eta edozein moduan esandako
monasterioari, inguruan, itsas barruan zein kanpoan dagozkionak, gure arbasoak
eta guk geuk gaur egun arte ditugun bezala».
Beraz, 1.000 urte bete
dira Donostia (San Sebastian) lehenengoz dokumentu idatzi batean aipatu
zenetik. Efemeridea, ordea, oharkabean pasatzera kondenatua ez ote den beldur
gara. 2006an Tolosa, Segura, Ordizia, Agurain eta beste batzuk ere Gaztelako
erregearengandik hiri-gutuna jaso zuteneko 750. urteurrena ospatu zuten (herri
hauek Gaztelak konkistatuak izan aurretik Nafarroako erresumaren baitan baziren
arren). Iaz Bilbok Don Diego Lopez de Harok Bilbo fundatu zuen 713. urteurrena
ospatu zuen. Honek guztiak zer pentsa ematen dio bati: San Sebastian izena
agertu zeneko dokumentuaren sinatzailea Nafarroako erregea izan beharrean,
Gaztelako erregea edo haren zerbitzariren bat izan balitz, ez ote genituzke
dagoeneko ospakizun erraldoiak izango, kanpai hotsak dilin-dalan eta Udaleko
balkoitik kanoikadaren burrunbak?
Aitzitik, nor garen
ezagutzeko ezinbesteko informazioa ematen digu historiak. Batzuek harro
erabiltzen dituzte Urgull, Aiete, Morlans eta antzeko izen gaskoiak; horrekin,
Donostia gaskoiek sortu zutela justifikatu nahi izateko edo. Gaskoiak
Donostiara etorri aurretik bertan ez euskaldunik ez beste inor bizi izan ez
balitz bezala.
Leireri egindako
dohaintza dokumentu horretan, ordea, euskal izen mordoxka ematen du aditzera
lekuen aipamena egiten denean: Irurdita, Anaizoz, Antzieta, Zurzaiate,
Larraburu, Loizta... Ba al dago froga dokumental hoberik Iruñeko erresumaren,
donostiarren eta hizkuntzaren arteko lotura zuzena egiteko?
Idatzia latinez egina
dago, garaiko Erromako Elizaren botere zerutiarrari zegokion neurriaren
erakusle. Ez dago euskaraz, jakina; baina ez dago gaztelaniaz (garai hartan ez
zen gaztelaniarik, erromantzeak baizik), ez dago arabieraz, ez okzitanieraz,
ezta frantsesez ere. Antso III.ak Iruñeko erresumaren izenean (izen horrekin
euskal lurralde ia osoa hartzen zuen) eta emazte Maiorak egiten dute dohaintza
eta semeen, artzapezpikuen, noble eta gobernadoreen izenpea darama euskarazko
leku izen ugari duen latinezko testuak. Nola ondorioztatu, beraz, horiek denek
latinez gain, ez zutela euskaraz egiten?
Gure historiaz inor harro egotekotan, euskaldunok
beharko genuke egon. Donostiakoek eta egungo Euskal Herri osokoek harro egon
beharko genuke gure jatorri politiko nafarraz, haien hizkuntzaz, gureaz. Denok
nafarrak ginela frogatzen duen gertaeraren milagarren urteurrena ez
aldarrikatzea akats galanta izateaz gain, utzikeria ere bada. Hortaz,
barkaezina litzateke Donostiak lehenengoz bere jatorria aipatzen den agerkaria
ez nabarmentzea, ospatzea edo gogoratzea.