Mikel Legorburu Arzamendi Historialaria eta numismatikaria
Zeruetatik ari natzaizue, nafarrak! Alboan Elisabet emaztea, katolikoa oso bera. Santu egingo omen naute, Vatikanoan zein Gaztelan. Hura bai beata! Ulerkor eta etsi onean barkatu baitzidan neskatila bizkaitarra haurdun utzi izana Gernikara jo behar izan zuenean Jaurerriko Foruak zin eta sinatzera. Gainera, kristandadeari sekulako mesedea egin zion juduak erbesteratuz. Garbiketa etnikoa izan arren, Eliza Santuaren izenean burututako erabakia izan zen, eta errekisatutako ondasunak kristautasunaren esku jarri zituen. Ez juduak bakarrik! Granadako erresuma ere eskuratu genuen elkarrekin, musulmanek «guri» ezer konkistatu ez baziguten ere aspaldiko 711. urte hartan.
Harira, nafarrak! Jakina da 500. urteurrena dagokizuela aurtengoan, bai horixe!Asaldatuak ikusten zaituztet: «Konkista, konkista, konkista izan zen!!!» Bai, ba! Halaxe erabaki genuen! Ez ahaztu, baina, bide xamurrak erabiltzen hasia nintzela. Hara:
Hasteko, ez ezazuela inolaz ere ahaztu Nafarroako erregearen seme naizela, hala da. Usurpatzailea gure aita Joan II.a? Esamesak eta inbidia. Eta ni neu Zangozan jaiotzeko nintzen, nafar, Gorteak bertan bilduta zeudela. Aragoiko Sos-en jaioa banaiz, amaren jokaldi borobilarengatik izan zen: interes politikoak ehuneko ehun. Gurasoengandik datorkigu «bitxo-bitxo» aritzeko abilezia nonbait! (Makiavelok eskertua, e!).
1476an Nafarroako errege «intitulatu» nintzen, aita eta Leonor arreba bera ere desafiatuz. Ez al zenuten usaintzen «berez» letorkizuena?Gure seme Juan, zuen Katalina erreginarekin ezkondu nahi izan genuen 1483an. «Batu bitez Koroak eta boterea» ari nintzaion neure buruari. Eta Elisabetek Lizarrako merindadea Erresumatik bereizi eta Gaztelan txertatuko zuela mehatxu egin arren, frantsesaren aldeko hautua egin zenuten, jakinik zein etsai nagusitzat genuen hura (Italiako lurrak, baita Eliza Katolikoaren hierarkia ere kontrolatzearren...).
1491n zuen erregin-erregearekin adostu genuen beraien seme-alabak ezingo zituztela ezkondu gure baimenik gabe; tropak genituen zuen Erresuman; noble askok fideltasuna zor ziguten; 1497an tratuan ibili ginen Frantziarekin, Nafarroa Napolirekin trukatzeko. Katalina erreginaren alaba Madalena printzesa bahitua genuen, eta Medina del Campon hil egin zitzaigun 1504ean. Zoritxarrez horixe! Zenbat eta zenbat kontu... XXI. mendeko nafarrak! Zer uste duzue zinetela duela bost mende?
Gure emazte Elisabet txit katolikoa 1504. urte berean hiltzerakoan, berriz ere egin nuen aproba modu diplomatikoak erabiliz: Germana Foix-ekoarekin ezkondu nintzen! Baina, urteak aurrera, eta bestelako oinordekorik gabe, manu militari ekitea besterik ez zitzaidan geratzen. Ez zen bidezkoa halako erresumatxo batek Frantzia eta Espainietako Koroak genituen auzi handiak desorekatzea.
Gainera, zeuen artean ere oso zatituak zineten: 1199-1200ean gure arbaso Alfontso VIII.a Gaztelakoak (ni bezain maltzur eta praktikoa bera; testamentuan emandako hitza ere jan zuena!) Araba eta Gipuzkoa konkistaz adquisivit baitzituen. Gero Sonsierra eta Urantzia ingurua galdu, gerra zibila... Ez al zineten Vianako Printzearen aldekoak? Beaumondarrak? Beraiek lagundu ninduten Nafarroren konkistan! Onar ezazue beti zabiltzatela zatituak eta elkarren aurka. Inoiz bilduko bazinete, eta indar bakarra sortu, beste era batera negoziatu beharrean aurkituko ginateke. Hara zein ados genbiltzan Gaztela eta Aragoiko Koroak zuen aurka! Eta Frantziak edo Europak benetan lagundu al zintuzteten?
Gogoratzen nire suhia Ingalaterrako Henrike VIII.ak euskal kostaldera frantsesaren aurka bidalitako tropak 1512ko ekainean bertan? Eta Aragoi aldetik beste armada majoa bidalia nuela nire sasiko-seme Zaragozako artzapezpikuaren agindutara Erronkariko sarrera kontrolatzearren...
Mezua jaso ezazue: zuen erresumatxoa xake pieza soila zen. Hartara... hobe neronek jatea! Aita Santuaren Bulda faltsifikatuz bazen ere! Jakina zen gure erresumetan Aita Santua alde genuela, eta heterodoxoen aurka behar zuela jokatu. Bulda idazterakoan zertxobait aurreratu nintzen, bai, baina baita pontifizearen oniritzia jaso handik gutxira ere. Honen berehalako heriotzan ez duzue susmo txarreko ezer ikusi beharrik, zenbait madarikatuk diotenari segika.
Konkista beharrezkoa zen. Zilegitasun puntu bat falta bazen ere, legalitatea ezarri ezarri zen. Aragoiko Koroan sar nezakeen Nafarroa, baina gero aproposagoa iruditu zitzaidan Gaztelakoan txertatzea.Gaztelan nik? Bai horixe! Alaba Joana genuen tarteko. Erotu nuela? Bera erotu zen; nik gobernatzeko ardura hartu besterik ez nuen egin.
Gogoratzen? Burgosen, 1515ean, nafar ordezkaririk gabe... baina legalitate osoz: Fernando I.a Nafarroakoa bilakatu nintzen! Gauzatua!
Nire heriotzaren ostean 1516ko erresuma errekuperatu nahia anekdotatxoa besterik ez zen izan Gaztelarentzat; zuentzat, berriz, porrota: erregeak lur jota, eta Pedro Nafarroakoa mariskala preso. Nahiz erregeekiko jator izan, gure arerioa zen, eta hori... ordaindu egiten da! Zein ongi jokatu zuen biloba Karlos I.ak, zuen IV.ak, mariskala Cuencako Atienzan zepo eta katez eusterakoan: presoen urrunketa, nafarrak bera bisitatzea debekatuz, umildu nahiz... Gero Simankara... Zenbait zintzoren patua: heriotza!
Henrike II.a Albretekoaren 1521eko inbasio ahalegina ulertuko zuen Karlosek, baina, berriz ere, Frantzisko I.aren jokoa zen. Xakean ari zen frantsesa: armada bidali Nafarroa berreskuratzera, baina Henrikerik gabe. Berez, Gaztela eraso nahi zuen: bestela, nola ulertu Logroñoren bila abiatzea?
Gure Karlos ez zen kikilduko: hortxe Noaingo porrota. Zer diozue? Aurkari nobleei zerbait zor bazaie, Amaiur eta Hondarribian bereari zintzo eta leial eutsi ziotenei ohore! Eskerrak San Frantziskok itzali zuen Migel eta Joan anaien balentria! Baina, tira, uler ezazue, nafarrak: zuenak egin zuen!
Pentsatzen jarri al zarete zertan ariko ote zen zuen errege Henrike Labritekoa Italiako lurretan tropa inperialen aurka? Jakin al duzue inoiz frantses erregearekin batera hartu genuela preso Pavian? Ze pintatzen zuen han, Nafarroa Garaia bere hartan utzita? Ze dirutza eta soldaduen bizitza jokatzen zuen Italian bere erresuma konkistatua geniola? Hainbeste maite al zintuzten?
Egia da Karlosek ez zuela lasai bere kontzientzia konkistaren zilegitasunaz... Testamentuan, eta infernuaren beldur, bere seme Filipe IV.ari enkargua utzi zion auzia azter zezan, ez baitzituen denak berarekin. Dokumentuak txikitu, epaile partzialak, epe luze eta nahitazko alferkeriak. Jada konkistaren legalitatea ontzat emana zen, nahiz Pirinioez gaindi erreklamazio ugari izan.
A! Eta zein egoki erabili genuen «Tierra de Bascos» toponimoa Nafarroa Beherea aipatzeko, ezta? Inork gogoratzen al du?
Erresumaren erakundeak ofizialki gorde zitzaizkizuen, ez kexa! Ez zineten Gaztelako Erresuma, ezta Leongoa, ez Jaurerri, ez Probintzia: Nafarroako Erresumak zirauen! Gorte eta guzti. Erregeordea gurea da, eta baita «zuena» ere. Txanponduko duzue, eta ikurrak zeuenak izango dira «en estos nuestros reynos». Tarteka tiki-mikiak sorraraziko ditugu, zuen txanponetan «Hispaniarum Rex» jarriaz, baina gero erreklamazioak onartzen genituen («Se haga por la orden y forma que el Reino lo pide»), baina, beti ere, sakoneko «arazoa» estaltzeko izango da. Erregeon ordinalen kontuak ere hari beretik datoz. Garrantzia emango diozue, baina guretzat arditeak dira.
500 urte! Bada zerbait! Horixe dena Espainiaren onerako...Jazarriz eta estutuz, zenbait agintari nafarrek zentralismoaren mesedetan etsi dute, eta egungo status quo deritzona egonkortua dirudi.
Egia da, eta onartu beharra, behin betiko menderaezin bilakatzen ari zaigula zuen sustraiko bizi-nahia. Inpotentziaz, euskararen lurralde horretan mendez mende dirauzuen garra sumatzen dizuet! Ez nabil trankil, neure lana ederki bete nuen arren.
Badakigu zer den Faltsario izatea, baina... tira... gutxi batzuk besterik ez zarete horretaz jabetzen. Mundu osorako eta ehunka urtetan Katolikoa naiz, je!
http://www.gara.net/paperezkoa/20120718/352598/eu/Ni-Fernando-benetan-faltsarioa