V. Mendeurrena: herri oso bat galtzaile
Patxi Abasolo López; 1512-2012, Nafarroa bizirik!
"Esnatu Nafarroa!" deiadarrak hasiera eman dio 2012 urteari. Bertan oroimenak eta historiak bat egin dute. Oroimen historikoa berreskuratu behar dugula diogunean, herri zapaldu honek historikoki pairatu behar izan duen inbisibilizazio prozesua gainditu beharra dagoela esan nahi dugu. Lehenik eta behin, benetan gertatutakoa argitu, konkista bat izan zela argi utzi, bortizki herri honek subiranotasuna galdu zuela baieztatu. Eta horrekin batera, garaituen memoria berreskuratzea, hau da, anonimatutik atera izen abizen horiek guztiak, inbaditzailearen aurrean ez makurtzeagatik esperientzia latzak pairatu behar izan zituztenak.
Armada inbaditzailea Nafarroan sartu zenetik, ofizialki, desagertu egin ziren nafar menderakaitz horiek guztiak. Aurreratzean, "frantsesak", "sorginak", "traidoreak", "lapurrak", "herexeak" eta "bide-lapurrak" izango ditugu espainiar zein frantziar historiografietan. Ez, ordea, garaiko nafarrentzat, 1521ean, Amaiurko Gaztelua erori baino hilabete batzuk lehenago, Venetziako enbaxadore Gaspar de Constantinik Karlos I. enperadoreari idatzi zion bezala. Nafarroan, bi alde izanda ere (agramondarrak eta beaumondarrak), "universalmente, todos los de este reino tienen odio a los españoles y desean su rey natural". Erret Kontseiluko kide Pedro Balanza lizentziatuak adierazi zuenez (bai, konkistatzaileek eta haien laguntzaileek ere izen-abizenak bazituzten), 1525ean nafarrak nabarmenki deseroso zeuden eta, inbasioa aspaldi hasia zen arren, jarrera oldarkorrari eusten zioten: "Zangozako merinaldean delitu ugari egin dira, modu askotara gainera, bereziki Erronkari ibarrean, Zarai-tzun eta Aezkoan; eta gaizkileak, gure justiziaren beldur ez direnez, delitu egiten ibiltzen diren tokietan lasai dihardute eta kaltetuek ez digute, ez guri ez gure ofizialei ere, salaketarik bideratzen".
Hona hemen nafar horietako adibide batzuk, gure ikastetxeetan eta bibliografia ofizialetan ez direnak.
Nafarroako Pedro marexala harreman diplomatikoetan aritu zen buru belarri, inbasioa saihestearren. Helburu horrekin joan zen Fernando Gezurtirekin (Katolikoa) negozia-tzera, alferrik, azken honek bere Gortetik bidali baitzuen. Inbasioa gauzatua, konkistaren aurkako erresistentziaren pertsonaiarik garran-tzitsuena dugu. 1512ko udazkenean, lehenengo ahaleginak kale eginda, 1516an berriro ere erresuma berreskuratzeko saiakera egin zen. Pedro marixalak Pirinioak zeharkatu zituen Erronkarin barna. Zangozan, Erriberrin eta beste toki ba-tzuetan altxamenduak izan baziren ere, marexala eta bere gudariak berandu iritsi ziren eta kanpoko laguntzarik gabe aritu behar izan zuten. Burgi inguruan, Erronkarin, inguratu eta beste hainbat ofizialekin batera atxilotu egin zuten. Marexala Gaztelara eraman zuten eta baita askatasuna eta pribilegioak eskaini ere, errege espainiarrari fideltasuna agintzen bazion; aukera horri uko egin zion, ordea, eta urte batzuk geroago Simancaseko gazteluan (era)hil z(ut)en.
Bigarren saiakeraren porrotaren ondoren etorritako errepresioa izugarria izan zen: exekuzioak, atxiloketak, ondare-bahiketak, deserriratzeak… Nabarmentzekoa Murilloko Pedro de Radaren kasua, hil arte torturatua. Ollokitarrak ikur izan ziren erresumaren alde egin zuten familia agramondarren artean. Jatorrizko jauregia Ollokin bertan zuten, Esteribarren, eta jasandako errepresaliak irakurgai ditugu 1543an Jasoko Margaritaren, Ollokiko Juanen alargunaren aurkako epaiketan. Etxerik eta lurrik gabe geratu ziren, Margarita Uhartera joan behar izan zuen bizitzera, eta hiru semeen patua beltza izan zen oso: Remón Italiar lurraldeetan, Frantziako erregearen aldeko gerretan; Juan eta Francés, berriz, ez ziren sekula erbestetik bueltatu, heriotza-zigorra ez baitzieten barkatu. Salazar lizentziatuak egindako txostenean agerian daude nortzuk ziren altxamenduaren buruzagi nagusiak: Mauleko Ladrón, Ezpeletako Cristián, Jasoko Miguel, Jaureguizarko Martín, Peraltako Alonso, Mauleko Carlos, Alliko Miguel, Medranoko Juan Belaz, Goñiko Martín eta Uztarroze, Izaba, Urzkainki, Garde eta Erronkariko abadeak. Soilik Tuterako merinaldean salatu ugari izan zen: Ezako jauna, Peraltako Juan, Friaseko Juan, Martín López, Sarriako Beltrán, Pero Oritz, Ablitaseko anderea, San Pedroko Pascual eta Cabanillaseko Juan.
1521ean nafarrak pozez beterik egin zuten bat konkistatzaileen aurkako matxinadarekin. Espainiarrek Iruñea berriro kontrolpean izan zutenean, eztanda herrikoi horretan nabarmendutako jendearen aurkako errepresalia gogorrak hartu zituzten. Horietako bat izan zen Bertiz "Zaharra". Heriotz zigorra ezarri zioten eta "modu honetara beteko da. Jendaurrera ekar dezatela asto baten edo antzeko beste pizti baten gainean, pregoilari batek iragar dezala gertaera kaleetan barna eta ondoren hiriko pikotara eraman dezatela, bertan zintzurra zeharkatu eta gero buru moztu diezaioten". Hori gutxi balitz, bere ondasun guztiak kendu zizkioten. Joanicot kapitania ere, Donibane Garaziko gotorlekuaren defentsan aritu zirenen buruzagia, preso eraman zuten Iruñera 1521eko abuztuaren 25ean. Martin Ursuak, Pirinioetan gaztelarrek zuten gerraririk ezagunenetako batek, azaldu bezala, "Iruñeko kaleetan, arrastaka eramana, zigortua eta exekutatua izan eta gero, ikusi nuen bere arrastoak nola botatzen zituzten hiriko harresietatik kanpora".
Nafar independentistek kontrola-tzen zuten lurraldea gero eta eskasagoa zen. Honako hauek ziren Jauregizar, Jaso, Azpilcueta, Ezpeleta, Mauleon, Beltzunze, Medranoko Belaz eta beste sendi gutxi batzuek 1521-1522ko neguan euren babespean zituzten lurraldeak: Behe Nafarroa, Donibaneko gotorlekua, Zangozako merinaldeko gune batzuk, Bidasoako bailara eta Hondarribiko plaza. 1522an Amaiur erori zen. Amaiurko erasoari bizirik eutsi ziotenei bizitza errespetatuko ziela agindu zien Nafarroako erregeordeak eta horren ondorioz lortu zuen gotortuek amore ematea. Errealitatea bestelakoa izan zen kasu zehatz batzuetan, Belaz Medranotarrena esate baterako. Jaime Belaz Medrano eta bere semea Luis pozoitu zituzten Iruñeko espetxean.
Nafarrek jasandakoaren sufrimenak badu emakumezko irudia, izen-abizenak ere dituena. Konkistak hasiera-hasieratik egoera deserosoa eragin bazion ere, Isabel Beltzun-tzekoaren kalamitateak urte batzuk joanda etorri ziren, bere senarra, Martin Leatxe, nafar Errege-Kontseiluko idazkaria, zendu zenean. Leatxeren heriotza Noaingo porrotaren ondoren, gaztelarrak Iruñean sartu zirenean gertatu zen. Beraz, segur aski erail egin zuten, nafar erresistentziaren alde zuen jarreragatik eta hil bitartean izan zuen karguagatik. Bere oinordekoek ezin izan zuten bere ondasunik jaso, bere emazte Isabelek ere ez. Are gehiago, inbaditzaileek lapurreta egin zioten eta geratzen zitzaizkion ondasun apurrak ere eraman zituzten. Hori gutxi balitz, Isabel Beltzuntzekoak mailegua eskatu behar izan zuen armada inperialak Amaiurko gazteluaren aurka egingo zuen azken oldarraldia 30 ezkuturekin finantzatzeko. Gotorleku hartan semea zuen Isabelek.
Bestelako izen-abizenak ere baditugu, konkista gauzatu bezain pronto ezarri ziren sorgin-auzietan azaltzen direnak, besteak beste: Juana Botín, Joana Bereterra, Graciana Iribarren eta zerrenda luze bat, horiek guztiek betiko bizimoduari, nafar bizimoduari, eusteagatik. Sufrimendua, hala ere, hasi besterik ez zuen egin.
http://www.noticiasdenavarra.com/2012/01/02/opinion/tribuna-abierta/v-mendeurrena-herri-oso-bat-galtzaile
SOBERANÍA DE NAVARRA by Nabartzale bilduma. Este es el correo para escritos, artículos, comentarios y sugerencias. Los artículos, escritos y comentarios deben estar debidamente firmados por su autor o autora en formato Word. Solo se publicaran aquellos escritos que estén realizados desde la independencia y soberanía de su autor o autora siguiendo los criterios editoriales de los miembros de NABARRAKO BURUJABETASUN-SOBERANÍA DE NAVARRA. nabartzale@gmail.com
NABARRAKO ERESERKIA
Nabarra, reflexiones de un Patriota
ASKATASUNA = Baskoinak x Nafar Paradigma
"PRO LIBERTATE PATRIA GENS LIBERA STATE"
"Aberri askearen alde jende librea jaiki"
"De pie la gente libre a favor de la libertad de la patria"
"De pie la gente libre a favor de la libertad de la patria"
Navarre shall be the wonder of the world
by WILLIAM SHAKESPEARE