Abuztuak 15, Orreaga
Beñi Agirre, Euskara
irakaslea (Nabarralde, S.L.)
Orreagako gailur eta
mendi hegalak euskaldunok sortutako Estatuaren lekuko pribilegiatuak dira,
hantxe sortu baitzen baskoien estatu europarra. Bi gertaera izan ziren mugarri:
Karlomagno karolingioari irabazitako 778ko abuztuaren 15eko bataila gogoangarria
bata; eta haren biloba frankoa garaitu ondoren, 824ko martxoaren erdialdean eta
Eneko Aritza buru, Europan euskaldun guztion ordezkari bezala aitortua izango
zen estatu independentearen sorrera bestea.
Gertaera haietan
baskoiek deliberatu zuten euren izaera eta habitat naturaltzat jotzen zuten
lurraldea iraunarazteko modu bakarra egitura politiko, ekonomiko, juridiko eta
defentsarako antolamendua sortzea zela. Horregatik, alde guztietatik etorritako
baskoiek hartu zuten parte Orreagan, 778-824 tarte horretan jokatu ziren
gudaldietan: natura-jainkoa sinismeneko baskoiak, baskoi kristautuak eta baita
musulmanduak ere.
Euskaldun guztion
garaipena izan zen eta erresuma izaerako egitura sortu zuten. Garai hartako
Europan denak ziren erresumak edo kalifarriak. Baskoiak batailan garaile bai,
baina, Erromako Eliza izango zen irabazle handik aurrera. Ordutik aurrera eta
gaur egun arte. Horregatik, urteko egun bakoitzari, bisurtea bada ere, santu
edo santa baten izena ezarri zitzaion. Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren eguna
bezala ezaguna eta ohoretua da jende elizkoien artean.
Gure Aroaren lehen
mendeko (oker ez banago lagundutako ernalkuntza ezagutzen ez zutenean) emakume
bat ama eta birjina batera izatea erakusten duen inkongruentziaz landa, eliza
katolikoaren jokaera hau herrien memoria historikoa lausotzeko eta iluntzeko
erabili izan dute. Gehienek abuztuko amabirjinaren eguna ospatzen dute, bakar
batzuek Nafar Estatuaren sorrerako egun gogoangarria. Biak batera ospatzen
dutenak ere badira.
Nazioez gaindiko festa
da. Komunisten artean gorrienak ere jai egiten duen eliz festa. Euskal Herriko
ehunka lekuetan herriko andre-zaindariaren eguna ere bada. Ospakizun eguna.
Aipatu beste arrazoiengatik, ordea, euskal independentista nafarrontzat
erabakigarri izan zen gertaera eratzailea gogoratzeko, eta ospatzeko, data.
Batetik, Iruñeko
Udalak Orkoiengo Abesbatzaren kontzertua eskainiko du Kolegiatan, Nafarroako
Gobernuak Errolanen ipuin bildumaren irakurketa egingo du “Roncesvallesen”,
Munillak meza nagusia emango du Donostian…. Bilbon, Gasteizen, Baionan eta
beste askotan, euskaldunak politikoki nafarrak garela ahantzi dezagun
ahaleginean, ekitaldi hantuste gogaikarriak egingo dituzte. Bestetik, berriz,
Orreagako gailur eta mendi hegaletan baskoi natura-jainkoa sinismenekoek adar
hotsekin egingo dute deia; Ibañetako lepoan garaipena oroitu eta hildako
baskoiei gorazarre egingo zaie.
Jende asko, nahi ala
ezinagatik, euren herrian geratuko da. Hala eta guztiz ere, denok dugu aukera
abuztuaren 15a, kongruentzi ezaren eguna dena “Orreaga eguna” bihurtzeko.
Adibidez, etxeko balkoietan Nafarroako bandera eta ikurrina jarriz, herrian
elkarretaratzea eginez edo, besterik gabe, lagunarte eta famili bazkarietan
topa eginez: Orreaga!