Independentziara
bidean, abertzaleon batasuna
Asier Ezpeleta, Orreagako kidea. (BERRIA)
Donostia-Nabarra
Garbi ikusten dut gure Herria/Nazioa bizi den
lurraldean beste bi herri/nazio bizi direla eta, gainera, beren interesak
defendatuko dituen estatu bana dutela. Eta garbi ikusten dut, baita ere, bi
nazio-estatu horiek urratzen dutela gure Herriaren eta Herria osatzen dugun
bakoitzaren askatasuna.
Ados zaudete esaten badut herri baten askatasuna oztopatu eta bahitzen duen nazio-estatua nekez izango dela demokratikoa? Eta iruditzen zait hori bera esan daitekeela nazio-estatu horiek legitimatzen dituzten herritarrei buruz. Demokrata bat poztu egingo litzateke herri batek independentzia lortuko balu. Bestela, a zer-nolako demokrata!
Eta ados zaudete esaten badut gure independentziaren etsairik eta oztopatzailerik sutsuenak Frantzia eta Espainiako Estatuak direla? Eta independentzia estatu zapaltzaile horien eta horiek legitimatzen dituzten herritarren aurka lortu beharko dugula (ez haien baimenaz, eta, are gutxiago, laguntzaz)?
Horregatik pentsatzen dut ezin dugula gure Herria independentziara bidean jarri zapalduta egotea nahi eta eragiten dutenekin. Pentsatzen dut demokraziarik ezaren adibide garbia direnengana hurbiltzeak askatasunetik aldendu egingo gaituela gerturatu beharrean. Eta galdetzen dut nola jarriko gaituen independentziara bidean gure Herriaren eta Herria osatzen dugun bakoitzaren askatasunak bahituta jarrai dezan nahi dutenekin eskua emanda joateak.
Gure Herriaren independentzia helburu abertzale bat da, eta abertzaleen arteko
batasuna behar du. Ezin dugu pentsatu hain justu kontrakoa desiratzen dutenekin
eskua emanda Herri aske bat ikusiko dugunik. Nola emango diot nire eta nire
Herriaren askatasuna zapaldua duenari horren gainean erabakitzeko eskumena?
Gure arteko batasuna ez da batasun sentimental hutsa, ez da helburuekiko
batasun hutsa. Batasuna politikoa izan behar da, hots, batasun estrategikoa;
estrategiarik gabe ez baitago politikarik. Orreagan, aspaldi ari gara mezu hori
zabaltzen. Askotan saiatu gara politikaren eta estrategiaren esanahia eta haien
arteko lotura azaltzen. Estrategiarik gabe ez dago politikarik, eta politikarik
gabe ezin da lortu askatasuna.