Euskal/Nabar binomioa: hizkuntza eta subjektu politikoa
Néstor Lertxundi Beñaran
Euskal aurrizkia daraman guztia, berez, Nabar marko politiko-kulturalean kokatzen da. Horregatik, ikuspegi historiko eta logiko batetik, euskal izendapena Nabar atzizkiarekin ulertu beharko litzateke, eta ez subjektu politikotik askatutako etiketa linguistiko gisa.
Uzkera Nabarrako Erresumaren lengoai nagusia izan zen. Horrek ondorio zuzen bat du: Nabar kontzeptua ez da inoiz huts-hizkuntzazkoa izan. Aitzitik, beti subjektu politiko bati lotua egon da. Hizkuntza, lurraldea eta boterea ezin dira bereizi konkista aurreko testuinguruan.
Horregatik, uzko-Nabar lotura naturala da, ez asmatua edo atzera‑proiektatua. Hizkuntza izendatzeko moduak ez dira kasualitatez sortzen: egitura politiko baten isla dira.
Noiz eta zergatik «aldatzen» dira Uzko / Nabar erreferentziak?
Hemen dago gakoa. Ez gara aldaketa linguistiko neutro baten aurrean, baizik eta haustura politiko bortitz baten ondoriozko moldaketa estrategikoaren aurrean.
1512ko konkistaren ondoren, Nabar / Nabarra izena zigortua geratzen da. Ez da soilik debeku administratibo bat: izena leialtasun politikoaren seinale bihurtzen da. Nabar erabiltzea traizio gisa interpretatzen da, eta ondorio penalak izan zitzakeen, Ojacastroko antzinako foruetan ikus daitekeen logika beraren arabera.
Horregatik esan daiteke, zentzu literalean, 1512tik aurrera «nabar izena erabiltzeagatik biziarekin ordaintzen zela». Ez da metafora: subjektu politikoaren izena mantentzea arrisku erreala zen.
«Nafar» formaren sorrera: lausotze kalkulatua
Testuinguru horretan ulertu behar da nafar formaren sorrera eta hedapena:
«Nabar»: ezin da erabili, arriskutsua da.
«Euskal»: oraindik erabilgarria da, politika saihesteko bidea.
«Nafar» = «Nabar» + lausotze fonetiko eta semantikoa.
«Nafar» ez da subiranotasunaren marka zuzena. Administratiboki onargarriagoa da, eta horregatik zabaltzen da. Ondorioz, honako prozesua gertatzen da:
«uzko» / «usko» / «nabar» / «nabardun»: desagertzen edo baztertzen dira.
heuskaldun/ eskualdun/euskal‑dun / euskaldun / uskaldun → orokortzen dira
Hau ez da hizkuntzaren bilakaera espontaneoa, baizik eta baldintza politiko berrietara egokitutako diskurtsoaren emaitza.
«Euskal» izendapenaren erabilera estrategikoa.
Garrantzitsua da azpimarratzea usko izendapena ez dela konkistaren ondorengoa. Aitzitik, vaskoien garaiko testigantzak eta txanponak badaude. Hortaz, euskal aurrizkia ez da hutsetik sortzen, baizik eta lehendik zeuden usko eta nabar erreferentzien gainean eraldatu egiten da.
Baina eraldaketa horren emaitza funtsezkoa da: euskal izendapena subjektu politikotik askatua agertzen da.
Testu idatziak konkistaren ondoren: zer iritsi zaigu?
Guregana iritsi diren testu idatzietan, konkistaren ondoren, honako formak bakarrik agertzen dira: euskal, uskal, euskel. Eta inoiz ez nabar‑.
Hau ez da kasualitatea. Testu horiek kontrol politiko eta erlijioso zorrotzean sortuak dira: inprenta, zentsura, baimenak eta babes instituzionala boterearen esku zeuden. Beraz, ikusgarri duguna iragazkia pasatu duen hizkuntza da, ez erabilera sozial osoaren isla zuzena.
Toponimia: Nabardun eta konkista aurreko memoria.
Hemen agertzen da frogarik sendoenetakoa. Toponimia da aldaketekiko erresilienteena, eta horregatik berebiziko balioa du.
Nabardun bezalako toponimoak konkista aurrekoak dira. Estatuak testuak kontrola ditzake, baina lurrak memoria gordetzen du. Horrek erakusten du Nabar‑ erabilera arrunta, soziala eta egiturazkoa zela, ez salbuespen literario bat.
Horregatik, Nabar‑ aurrizkia duten toponimoen zerrenda egitea beharrezkoa eta estrategikoa da, hizkuntza‑historiaren berrirakurketa serio bat egiteko. Ez da kasualitatea toponimo errepikatuenetako bat Zuaznabar (Zoaznabar) izatea.
Jesusen Konpainia eta testuinguru ideologikoa.
1540an Jesusen Konpainia ofizialki onartzen da (Paulo III. a). Iñazio Loiolakoa eta lehen konpainideek helburu argia dute: protestantismoa jazartzea eta diziplina ideologikoa ezartzea, eredu apostolico romano baten bidez.
Testuinguru horretan: hizkuntza tresna da. Identitatea kontrolpean dago. Horrek eragin zuzena du zer argitaratzen den, nola, eta zein marko politikoan.
Etxepare eta Heuskara: hizkuntza eta subjektu politikoa.
1545ean argitaratzen da Linguae Vasconum Primitiae. Bertan agertzen da lehen aldiz modu esplizituan Heuskara.
Baina testuingurua funtsezkoa da, eta liburuaren hitzaurreak berak argi erakusten du nola ulertu behar den argitalpena. Prologoa Bernard Leheteri eskainia dago, testuak berak dioen bezala «erregeren adbokatu bidezko eta nobleari». Horrek esan nahi du liburua Nabarrako errege‑boterearen orbitan argitaratzen dela, erregearen abokatuaren bidez, eta ez ekimen pribatu isolatu gisa.
Hitzaurre horretan, Etxeparek bere lana hasieratik babes politiko eta instituzional baten pean kokatzen du: erregearen ordezkari juridikoari eskainiz, argi uzten da liburua ezin dela ulertu botere‑harremanetatik kanpo. Argitalpena, beraz, Nabarrako errege‑egituraren barruan pentsatua eta onartua da.
Aldi berean, Etxepare bera: jazarria izan zen. Kartzelatua Gaztelako/Estatuko boterearen aldetik eta haren eskuizkribuak desagertuta daude
Daukaguna ez da Etxepareren jatorrizko ahotsa, baizik eta inprentako moldeek eta zentsurak gainditu zutena. Hala ere, hasierako hitzaurre horrek erakusten du Linguae Vasconum Primitiae ez dela hizkuntzaren defentsa abstraktu bat: Nabar subjektu politikoaren baitan egindako argitalpena da, erregearen izenean eta haren egitura juridikoaren bidez.
Horregatik, Heuskara agertzen da, Nabar subjektu politikoaren barruan, geroago Joana Reginak egingo zuen bezala, zuzenean argitaratuz. ta gainera bertze kau uskara unifikatu garbi batean idatzia, euskaltzaindiaren euskara batua bañan goiztiarragoa den uskara unificatua edo naffarrera.
Hizkuntza bai; subjektu politikoa ere bai.
https://www.naiz.eus/es/iritzia/articulos/euskal-nabar-binomioa-hizkuntza-eta-subjektu-politikoa
