Orreagako 778ko gudua gogoratu dute Ibañetan
Orreaga Fundazioak,
Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Orreaga 778 lan taldeak elkarrekin
antolatuta 778. urtean izandako Orreagako gudua gogoratu dute eguerdian. Garai
hartako gertakariak antzeztu dituzte eta Eñaut Etxamendi omendu dute.
NAIZ|IRUINEA|NABARRA
Antzezpenaren une bat.
(Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
|
Zonaldeko jendeak eta
Euskal Herri guztitik joandakoek bat egin dute beste urte betez Ibañetako
lepoan VIII. eta IX. mendeetako euskaldunek bizitakoak eta Nafarroako
Estatuaren sorreraren hastapenak gogoratzeko.
Aurizberriko plazan
elkartu dira goizean denak eta Orregarako ibilaldia izan da. Bertan, ekitaldia
egin dute «atzoko baskoiak» gogoan. Ondoren minutu bateko isilunea izan da
«atzoko eta gaurko gudarien alde». Ibañetako lepoan izan da ekitaldi nagusia;
bertan 778an, 812an eta 824ean izandakoak gogoratu dituzte eta Eñaut Etxamendi
abeslaria omendu dute.
778, 812 eta
824
Orreaga Fundazioa,
Etxabarrengoa Kultur Elkartea eta Orreaga 778 lan taldea izan dira ekimenaren
antolatzaileak aurten. Bidali duten igorrean gogoratu dituzten hiru daten
garrantzia azpimarratu dute: «778an, Orreagako gudua izan zen. Karlhandiren
gizonek, Zaragozatik bueltan, Iruñea erre zuten, eta Frantziarako bidean,
Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ari zirenean, herritarrek eraso egin zioten
atzera guardiari; garai hartan Europako armadarik garrantzitsuenari planto egin
zioten. Gertakari horietan Errolan hil zen, Karlhandiren iloba. 812an,
Karlhanandiren semea euskal lurretan zen, eta Frantziarako bidean Ibañeta
zeharkatu behar zuenez, zonaldeko emakumeak eta haurrak bahitu zituen erasorik
ez izateko; hau da, aitari gertatu zitzaiona saihesteko. 824an, hainbat
gertakariren ostean, Eneko Aritza izendatu zuen baskoien errege, eta Iruñeko
Erresuma sortu zuen, gerora Nafarroako Estatua izan zena».